Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Tatarera (Krimeakoa)
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Tatarrak Ukrainan eta Errusiar Federakundean bizi dira. Haatik, tatarren multzo handi bi bereizi behar ditugu: batetik, Krimeako tatarrak; bestetik, Volga inguruko Tatarstan Errepublikakoak. Toki horietara XIII. mendetik XVI. mendera bitartean heldu ziren, Gengis Khan-ek eta haren ondorengoek gidatutako giza uholdeekin batera. Tatar izena errusiarrek ezarria da, nahiz eta tatar talde etniko ezberdinak egon. Hemen, Krimeako tatarreraz eta tatarrez jardungo dugu, europarrak baitira.

Errusiaren eta Turkiaren gerra etengabeen ostean, 1783an Errusiak Itsaso Beltza eta Krimea bereganatu zituen. Une hartan, Krimeako biztanleriaren %98 tatarra zen (Kolga eta beste 2001). Laster hasi ziren espropiazioak eta kanporaketak, eta Errusia tatarrak Turkiarantz egozten ahalegindu zen. XIX. mendearen amaieran, tatarrak Krimeako gutxiengo bihurtu ziren. 1921ean, Errusiako Sobieten agindupean, Krimeako Errepublika Autonomoa ezarri zen. Garai hartan, tatarrerak eta tatar-kulturak hezkuntzan eta administrazioan sartu ziren. 1928an ilegalizazioa aldarrikatu zuen Errusiako aginteak, eta deportazioari ekin zitzaion berriro. Horrela, 1939rako 39.000 tatar giltzapetu edo egotzi zituzten. 1944ko maiatzaren 18an, Stalinek horrela agindurik, naziekin bat egin zutelako aitzakiaz, tatar gehienak –183.155 lagun– Asia erdiko Uzbekistan eta Tadzhikistan errepubliketara eroan zituzten. Erdiak bidean edo atzerrian hil ziren. Ondoren, 1967tik aurrera, beren lurraldeetara itzultzen ahalegindu dira. Gaur egun, 300.000 inguru bizi dira Krimean, bertara itzuli egin direlako. Tatarstan Errepublikan, berriz, 5.700.000 inguru tatar bizi dira. Errusiako deportazio-sistemari esker, Errusiar Federakundeko hainbat tokitan, eta atzerrian ere bai, hainbat tatar daude.

Belitser-en (2004) ikerketaren arabera, 248.193 dira Krimean bizi diren tatarrak, eta horietako %90ek –228.373 lagunek– tatarreraz daki.

Garai latzenetan ere tatarrek beren hizkuntzaren eta kulturaren alde egin dute. 1989tik astekari bat dute, eta hizkuntza hezkuntzan eta administrazioan erabiltzearen alde daude (Sota 2005).

Tatarrera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

Itxi