Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Tabasaranera
Familia: Ipar-ekialdekoa (dagestandarra) ( Kaukasoar hizkuntzak )
Tabasaranera Errusiar Federakundeko Ipar Kaukasoko Dagestan Errepublikako hizkuntza koofizialetako bat da, avarera, dargvanera, errusiera, kumykera, lakera, lezgiera eta nogaierarekin batera.

 

Tabasarandarrak Dagestaneko hegoaldean bizi dira, Tabasaran eta Khiv izeneko eskualdeetan. Tabasaran eskualdeko biztanle gehienak tabasarandarrak dira, baina Khiv eskualdean, biztanleen erdiak lezgiarrak dira. Guztira, 1989ko erroldaren arabera, 98.000 dira tabasarandarrak, baina 20.000 inguru Dagestanetik kanpo bizi dira.

 

Tabasaraneraz 1932an hasi ziren idazten, alfabeto latindarrean oinarrituta. Alabaina, 1938tik aurrera alfabeto zirilikoa erabiltzea erabaki zuten. Ordutik hona, Lehen Hezkuntzako hizkuntza bihurtu da tabasaranera, erdi eta goi-mailako eskola-hizkuntza errusiera den arren (Kolga eta beste 2001). Idazketa hasi zenean, egunkaria ere sortu zen.

 

Badirudi tabasarandarrek beren hizkuntzarekiko atxikimenduari eusten diotela, %96k tabasaranera erabiltzen du-eta. (Kolga eta beste 2001)

 

Nazioartean tabasaran eta tabassaran deritzo hizkuntzari. Hitz hori tabasarandarrak bizi diren Tabasaran herriaren izenetik eratorria da, eta ‘goialdea’ (tab-seran) esan nahi du. Tabasaraneraz tabasaran chal deitzen diote hizkuntzari –tabasaran hizkuntza, alegia–.

 

Tabasaranera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-ekialdeko edo dagestandar azpitaldeko lezgic azpitaldekoa, aghulera, archiera, budukhera, khinalughera, krytsera, lezgiera, rutulera, tsakhurera eta udierarekin batera.
Itxi