Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Suediera
Familia: Germaniar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Suediera Suediako eta Finlandiako hizkuntza ofiziala da; Finlandian, finlandierarekin batera. Suedian zortzi milioi lagunek hitz egiten dute, eta Finlandian 300.000k.
Hizkuntza ofiziala izanik, Suedian jarduera publikoko arlo guztietan erabiltzen da suediera. Finlandian ere estatus ofiziala izan arren, eskualde batzuetan baino ez da erabiltzen jarduera publikoko arlo guztietan. Finlandia, 1809 arte, 600 urtetan zehar, Suediaren zati izan zen, eta suediera izan zen 1863 arte bertako hizkuntza ofizial bakarra.

 Gaur egun, Finlandian bizilagunen %6k egiten du suedieraz; bereziki, hegoaldeko Ostrobothaz, Nyland (Helsinki hiriburua hartzen duena) eta Åboland eskualdeetan eta Åland uharteetan (ikus XX. mapa). Guztira Finlandiako 26 udalerri dira suediera-elebakarrak, eta beste 22tan suediera-hiztunak gehiengoa dira. Horiez gain, beste 17 udalerritan ere badira suediera-hiztunak, baina gehiengoa finlandiera-hiztunak dira.
Finlandiako gune horietan, bada suedierazko hezkuntza-sistema, eta administrazioan suediera erabil daiteke. Hedabideen arloan, esaterako, estatuko irrati bat dago suedieraz, hainbat toki-irrati, telebista kate bat (Finlandiako telebista-programazioaren %15 betetzen duena) eta egunkari bat (Hufvustadsbladet, ‘hiriburuko egunkaria’).
Suedieraz svenska esaten zaio hizkuntzari, eta finlandsvenska Finlandiako suedierari. Nazioartean, ingelesezko swedish hitza dago hedatuta.


Suediera hizkuntza indoeuroparra da, germaniar azpitaldekoa eta iparreko adarrekoa, daniera, faroeera, islandiera eta norvegierarekin batera. Suediera-hiztunek sarritan ongi ulertzen dituzte daniera- eta norvegiera-hiztunak.

Itxi