Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Sorbiera
Familia: Eslaviar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Sorbieraz Alemaniako hego-ekialdeko Brandenburg eta Saxony eskualdeetan mintzatzen dira, Poloniako eta Txekiako mugetatik hur, Lusatia deritzon lurraldean (ikus 4. mapa).

Sorbierak bi aldaera nagusi ditu, iparrekoa eta hegokoa. Aldaera biek forma estandar bana duten arren, hizkuntza beregaintzat hartzen dituzte hiztunek ere.

X. mendean, eskualde zabalagoan hitz egiten zen sorbieraz, ia Berlineraino heltzen zen. Gero, apurka apurka, lurraldea murriztuz joan da. Gaur egun hiztunak 67.000 inguru direla uste da, datu ofizialik ez den arren. Azken urteetan, teorian behintzat, Ekialdeko Alemaniako gobernuak eskubideak onartzen zizkion sorbierari, eta gero, Alemaniaren batasuna gauzatu zenean, 1990ean, Brandenburg eta Saxony eskualdeetan antzeko eskubideak onartu zaizkio. Esaterako, 1993an, Saxonyko 50 eskolatan eta Brandenburgeko 16tan sorbiera irakasten zen. Saxony eskualdean 1.441 ikaslek ikasten zuten sorbieraz, eta beste 2.266k sorbiera bera ikasten zuten eskolan. Brandenburgen ez zegoen sorbierazko irakaskuntzarik, baina 829 ikaslek ikasgaitzat zuten sorbiera (Price 2000). Administrazioan erabiltzea ere araututa dago.

Badira argitarapenak sorbieraz, bai liburuak, bai egunkariak eta bai aldizkariak; horretarako, erakunde publikoen laguntza jasotzen dute. Irratian eta telebistan, ostera, ia ez da erabiltzen. Irratiz egunean bi ordu egiten dituzte Lusatiako eskualde batean.
Wurmen (2001) arabera, sorbiera arrisku larrian dago. UNESCOrentzat eginiko Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) lanean, osterantzean, hizkuntza hau ‘arriskuan’ dagoela esaten da. Txosten horren arabera, 20.00 inguru baino ez dira benetako hiztunak. Gainera, ume batzuk baino ez dute bereganatzen sorbiera, eta gaztaroan ez dira erabiltzaile aktibo bihurtzen. Grimesen (2005) arabera, hegoko aldaerako hiztun guztiak nagusiak dira, eta iparreko aldaerako gehienak ere bai.

Ingelesez sorbieraren izenik erabiliena sorbian den arren, wendish eta lusatian terminoak ere ageri dira. Autoglotonimoa, berriz, dolnoserbski da.

Sorbiera hizkuntza indoeuroparra da, eslaviar adarrekoa, hain zuzen. Hizkuntza eslaviarrak Europan hitz egiten dira, batez ere. Hauek dira horietako batzuk: bielorrusiera, bosniera, bulgariera, errusiera, eslovakiera, kashubiera, kroaziera, mazedoniera, poloniera, pomakera, rutheniera, serbiera, sorbiera, txekiera eta ukrainera.

Itxi