Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Serbiera
Familia: Eslaviar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>
Serbiera Serbia eta Montenegroko hizkuntza ofiziala da. Horrez gain, hizkuntza koofiziala da Bosnia-Herzegovinan, bosnierarekin eta kroazierarekin batera. Serbian eta Montenegron zortzi milioi eta erdi dira serbieraz hitz egiten dutenak, eta Bosnian-Herzegovinan 400.000 dira hiztunak. Horiez gain, Kroazian 500.000 inguru dira hiztunak, eta Mazedonian ere beste horrenbeste.

1991. urtera arte, garai hartako Jugoslavia Estatuan, serbo-kroaziera deitzen zitzaion bertako hizkuntza ofizialari. Orduan esaten zen legez, serbo-kroaziera lau talde etnikoren hizkuntza zen: serbiarrena, kroaziarrena, montenegroarrena eta bosniarrena. Jugoslavia desegin eta gaur egungo estatu berriak sortu zirenean, horietako bakoitzak bere hizkuntza ofiziala aldarrikatu zuen: Kroaziak kroaziera, Serbiak eta Montenegrok serbiera, eta Bosniak bosniera, nahiz eta era berean kroazieraren eta serbieraren ofizialtasuna ere onetsi. Talde etniko horien artean gatazka odoltsuak gertatu dira azken urteetan, eta estatu bakoitza besteengandik ahalik eta gehien bereizten ahalegindu da. Horregatik, besteak beste, hizkuntzak oso hurrekoak izan arren, bakoitzak bere hizkuntzaren berezitasun bitxienak aldarrikatu ditu, eta ezberdintasunak azpimarratzen ahalegindu dira. Esaterako, kroazieraz idazteko, alfabeto latindarra erabiltzen da; serbieraz idazteko, berriz, alfabeto zirilikoa.

Serbiera, hizkuntza ofiziala izanik, jarduera publikoko arlo guztietan erabiltzen da Serbia eta Montenegro Estatuan eta Bosnia-Herzegovinako eskualde serbiarretan.

Nazioartean, ingelesezko serbian hitza erabiltzen da hizkuntza hau izendatzeko. Horrez gain, serbo-croat izena ere askok erabiltzen dute oraindik. Bosnia-Herzegovinan eta beste zenbait tokitan montenegrin deitzen zaio.

Serbiera hizkuntza indoeuroparra da, eslaviar adarrekoa, hain zuzen. Hizkuntza eslaviarrak Europan hitz egiten dira, batez ere. Hauek dira horietako batzuk: bielorrusiera, bosniera, bulgariera, errusiera, eslovakiera, kashubiera, kroaziera, mazedoniera, poloniera, pomakera, rutheniera, serbiera, sorbiera, txekiera eta ukrainera.

Itxi