Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Scotsera (Eskoziera)
Familia: Germaniar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Scotseraz Eskozian (Britainia Handia) hitz egiten da, ingelesarekin eta Eskoziako gaelikoarekin batera. Gaur egun, Irlandako iparraldean ere hitz egiten da. Izan ere, scotsera Eskoziako Lowlands deituriko eskualdeko ekialdean eta hegoaldean Erdi Aroan garatu zen arren, bertatik Irlandako iparraldera eroan zuten kolonizatzaileek XII. mendean (ikus 5. mapa).

Scotsera ingelesaren antzerakoa da, eta aditu askok hizkuntza horren aldaeratzat jotzen dute; hots, ez dute hizkuntza beregaintzat hartzen. Alabaina, beste aditu askok hizkuntza beregaintzat jotzen dute, besteak beste, scotseraren jatorria ez dagoelako ‘antzinako ingelesean’ bakarrik, ingelesa dagoen bezala, baizik eta antzinako ingelesean eta Eskandinaviako germariarrean (Price 2000).

Hiztun-kopuruari buruz ez dago datu ofizialik, eta egin diren ikerketen emaitzak eta adituek ematen dituzten kopuruak oso ezberdinak izaten dira. Esaterako, egindako inkesta batzuen arabera, %30ek hitz egiten du scotseraz (1996ko galdetegi baten arabera), eta beste batzuen arabera, %57k (1995eko galdetegi baten arabera). Grimesek (2005), ostera, lehen hizkuntzatzat 200.000 lagunek erabiltzen dutela dio, erdiek Eskozian eta beste erdiek Irlandan, baina beste 1.500.000 lagunek bigarren hizkuntzatzat ikasi dutela ere badio.

Scotserak ez du ofizialtasun-mailarik, eta ez da hezkuntzan erabiltzen. Grimesek (2005) esaten duenez, scotseraren erabilera senitartera eta lagun artera mugatzen da.
Hizkuntzaren ofizialtasun-egoera eta hiztun-kopuruak ikusita, zaila egiten da ulertzea UNESCOrentzat eginiko Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean irakurtzea scotsera arriskuan ez dagoen arren etorkizunean egon daitekeela.

Scotsera hizkuntza indoeuroparra da, germaniar azpitaldekoa, alemana, alsaziera, daniera, faroeera, nederlandera, norvegiera edo yiddisha bezala. Hizkuntza germaniarren artean mendebaldeko azpitaldean sartzen da, eta ulertze-kontuetan, ingelesetik dago gertuen.

Itxi