Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Sardiera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Sardiera Sardinia uharteko hizkuntza da. Askoren ustez, sardiera italieraren aldaera da (Price 2000), beste askoren arabera, ostera, hizkuntza beregaina da, italierarekiko ezberdintasunak handiak baitira.

Gaur egun, uharteko biztanleriaren %70ek, gutxi gorabehera, hitz egiten du sardieraz; hain zuzen ere, 1.600.000 lagunek (Price 2000).

Sardierak lau aldaera edo dialekto dauzka: logudorese izenekoa iparraldean, campidanese deritzona hegoaldean, nuorese edo gallurese delakoa ipar-ekialdean, eta arborense edo sassarese deiturikoa mendebaldean. Antza denez, horien arteko ezberdintasunak handiak dira, eta hiztunak elkarren artean ulertzea ez da erraza. Horregatik, Grimesek (2005) lau hizkuntza beregaintzat hartzen ditu aldaera horiek. Bestalde, dialektoen arteko ezberdintasunak azaltzeko, historiari begiratu behar zaio. Esaterako, logudorese eta campidanese izeneko aldaeren arteko ezberdintasunak Italiako Pisarekin XI. mendetik aurrera eta Aragoiko erresumarekin XIV. mendetik aitzina izandako harremanetan oinarritzen dira, lehenengoak italieraren eragina ekarri baitzuen, eta bigarrenak katalanarena.

Gaur egun, Sardinian, italiera gero eta gehiago zabaltzen ari da, Estatuko hizkuntza ofiziala baita. Italieraren erabilera Sardinian 1950. urtetik aurrera hasi zen lehiakorra izaten sardierarentzat, hirietako industriaguneetarako giza-migrazioa handitu zenean eta hezkuntza guztiz hedatu zenean. Ordutik aurrera, sardiera senitartean eta lagun artean gorde da, batez ere. Halere, egoera gero eta larriagoa da: 1992an egindako ikerketa baten arabera (Price 2000), biztanleen %31k italiera baino ez darabil senitartean, eta %54k batez ere italiera darabil lagun artean ari denean.

UNESCOrentzat eginiko Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) txostenean, sardieraren lau aldaerak –goian aipatutakoak– arriskuan direla aipatzen da, batez ere, gaztetxoak eskola-garaian etxean ikasitako sardiera alboratzen eta italiera erabiltzen hasi direlako.

Sardinian asko dira sardiera italierarekin batera hizkuntza ofizial bihurtzearen aldekoak, baina Estatuko agintariek ez dute halako neurririk hartu. Bitartean, bertako agintari batzuk sardiera erabiltzen hasi dira eskoletan eta administrazioan.

Bestalde, badira sardieraz argitaratzen den egunkaririk; hala nola, Sa Repubblica Sarda izenekoa, eta sardieraz egiten diren irrati eta telebista-saioak.

Sardiera hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, aragoiera, arumanera, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta okzitaniera bezala.

Itxi