Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Samiera
Familia: Uraldar hizkuntzak
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>
Samiera Eskandinaviako iparraldeko hizkuntza da, 400.000 kilometro2-ko lurraldekoa, hain zuzen ere. Lurralde hau lau estaturen artean daukate banatuta: Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiar Federakundea (ikus 10. mapa). Lurralde horretan 65.000 samitar bizi dira, eta horietako 34.000k hitz egiten du samieraz. Samiera-hiztunetatik, 22.000 Norvegian bizi dira, 8.500 Suedian, 1.900 Errusiar Federakundean eta 1.700 Finlandian (Price 2001).

1673an, Suediako Karl XI.a erregea samitarren lurraldera suediarrak eta finlandiarrak hasi zen igortzen, kolonizatzera. Gaur egun, samitarrak gutxiengoa dira beren jatorrizko lurraldean.

Hain lurralde zabalean hedatutako hizkuntzak aldaerak izatea oso ohikoa izaten da, eta, beraz, samierak ere hainbat aldaera ditu. Ikertzaile batzuek, gainera, aldaera horiek hizkuntza beregainak direla diote; esaterako, Grimesek (2005).

Alde horretatik, UNESCOrentzat eginiko Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, esaterako, samieraren hainbat aldaera aipatzen dira, eta haien egoerari buruz, berriz, esaten da kemi samiera ‘hilda’ dagoela; ume, pite, akkala eta ter samierak ‘heriotzatik hur’ daudela; hegoko, lule, inari, skolt eta kildin samierak ‘arrisku larrian’ daudela; eta iparreko samiera ‘arriskupean’ dagoela.

Bestetik, samieraz idazteko lehen ahaleginak XVII. mendean hasi ziren. Gaur egun, bost estandar dituzte, eta bakoitzarentzat ortografia eta alfabeto ezberdina darabilte. Gainera, badira samierazko hainbat aldizkari, irrati (esaterako, Samiradio 2005) eta telebista. Baina guri, hezkuntzan lortzen ari den arrakasta begitantzen zaigu aipagarriena. Finlandian, 1985etik aurrera, 240 ordu erabiltzen dituzte urtean eskoletan samieraz irakasteko (iparreko samiera). Suedian eta Norvegian ere samiera eskolan erabiltzen da. Aurrerapen horiek guztiek samitarrak beren hizkuntzaren alde antolatu direlako gertatu dira.

Samiera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi