Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Rutulera
Familia: Ipar-ekialdekoa (dagestandarra) ( Kaukasoar hizkuntzak )

Rutuleraz Ipar Kaukasoko Errusiar Federakundeko Dagestan Errepublikan eta Hego Kaukasoko Azerbaijanen hitz egiten da (ikus 12. mapa). Dagestanen, rutuldarrak hegoaldean bizi dira, Rutul eskualdean, hogeiren bat herritan, Samur ibaiaren goialdean. Azerbaijanen, rutuldarrak herri bitan bizi dira, iparraldean. Edozelan ere, rutuldarrek ez dute eskualdea berek bakarrik betetzen, tartean laktarrak, lezgitarrak eta azerbaijandarrak ere bizi baitira.

Rutuldarrak 20.000 inguru dira, eta gehienek ondo gordetzen dute hizkuntza. Antza denez, gazteek eta umeek era badakite. Orain dela urte gutxi onartu da rutulerazko alfabetoa, eta oraintxe hasi dira eskoletan rutulera erabiltzeko lehen saioak (Morózova eta Yéschenko 1999).

Rutulera izena Rutul herritik dator. Rutuldarrek beren buruari mjukhadar (‘Mjukhad herrikoa’) deitzen diote (Kolga eta beste 2001), eta nazioartean rutul, rutal, rutuly, rutultsy, mykhanidy, chal edo mukhad deritzo hizkuntzari.

Rutulera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-ekialdeko edo dagestandar azpitaldeko lezgic azpitaldekoa, aghulera, archiera, budukhera, khinalughera, krytsera, lezgiera, tabasaranera, tsakhurera eta udierarekin batera.

Itxi