Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Rutheniera edo rusynera
Familia: Eslaviar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Ruthenieraz edo rusyneraz hizkuntza Ukrainako Transcarpathian eta Bukowinaren iparraldean eta Eslovakiako Preshow eskualdean hitz egiten da (ikus 4. mapa). Iturrien arabera, hiztun-kopurua aldatu egiten da. Esaterako, Grimesen (2005) ‘Ethnologue’ izeneko liburuan, Ukrainan rusynera-hiztunak 560.000 eta Eslovakian 50.000 direla esaten da; Pricek (2000), ostera, 25.000 direla dio.

Hain muturreko datuak izatearen arrazoia zera da: hizkuntzalari askoren arabera, rusynera ez da hizkuntza, ukraineraren aldaera baino. Eta horrela aldarrikatzen dute Ukrainako agintariek. Edonola ere, hiztunek ez dute onartzen beren hizkuntza ukrainera denik (Grimes 2005).

Nazioartean honako termino hauek erabiltzen dira hizkuntza hau izendatzeko: rusyn, ruthenian, carpathian eta carpatho-rusyn.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera, ‘arriskupean’ dago rusynera Ukrainan, eta ‘arrisku larrian’ Eslovakian, umeek hizkuntza ikasten duten arren, gutxitan erabiltzen dutelako.

Halere, badu forma estandarra, eta hainbat liburu dago rusyneraz idatzita (The Rusyn International media center 2005). Eslovakian, eskolan erabil daiteke.

Rutheniera hizkuntza indoeuroparra da, eslaviar adarrekoa, hain zuzen. Hizkuntza eslaviarrak Europan hitz egiten dira, batez ere. Hauek dira horietako batzuk: bielorrusiera, bosniera, bulgariera, errusiera, eslovakiera, kashubiera, kroaziera, mazedoniera, poloniera, pomakera, rutheniera, serbiera, sorbiera, txekiera eta ukrainera.

Itxi