Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Portuguesa
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Portugesa Portugaleko hizkuntza ofiziala da. Bertan, 10 milioi lagunek hitz egiten dute portugesez. Horrez gain, portugesa Brasilgo hizkuntza ofiziala da, eta 163 milioi hiztun ditu bertan. Horregatik, portugesa munduan hedatuen dagoen hizkuntzetako bat da.

Portugalen eta Brasilen ez ezik, portugesa ofiziala da hainbat estatutan ere, Portugalek historian zehar mendean izan dituenetan, hain zuzen. Estatu horietan beste hizkuntza batzuk dituzte biztanleek, baina portugesa bigarren hizkuntzatzat ikasten dute hezkuntza sistemaren bidez. Egoera hori, besteak beste, Angolan, Cabo Verden, Ekialdeko Timorren, Ginea Bissaun, Mozambiken eta Sao Tome eta Principen gertatzen da.

Espainian ere hitz egiten da portugesez; esaterako, Olivenza (Badajoz) eta inguruetan. Lurralde hori XIX. mendearen hasieran kendu zion Espainiak Portugali, eta oraindik ere badira portuges-hiztunak bertan.

Bestalde, portugesaz gain, Portugalen miranderaz ere hitz egiten da (ikus mirandera sarrera), eta beraz, Portugal ez da, askok kontrakoa esan arren, hizkuntza bakarreko estatua.

Portugesez portugês esaten zaio hizkuntzari. Nazioartean, ingelesezko hitza portuguese da, baina batzuetan, Brasilgo portugesari Amerikako portugesa edo brasilian ere esaten zaio.

Portugesa hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa. Askotan, galiziera eta portugesa hizkuntza bakartzat hartu izan dira, eta portugesa galizieraren dialektotzat. Gaur egun, halere, forma estandar ezberdinak erabiltzen dituzte, eta hizkuntza beregaintzat hartzen dira.

Itxi