Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Okzitaniera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Hizkuntzalari askoren arabera, okzitaniera izenaren baitan, Bizkaiko Golkotik Italiako Alpeetaraino, Frantziako hegoaldean zehar, hitz egiten diren hizkerak biltzen dira (ikus 6. mapa).

Aditu askoren ustez, beraz, okzitaniera hizkuntza-multzoa baino ez da, eta denak ez datoz bat zer hizkuntza biltzen dituen esatean. Guk une honetan dauden zazpi forma estandarrak aipatuko ditugu: auvernhatera edo auvergnatera, gaskoiera, lemosinera edo limousinera, lengadocera edo languedocera, niçardera (estandar bertsio bi dituena), provençera eta vivano-alpinera edo alpinera. Hizkuntzalari eta aditu guztiek, edo ia guztiek, onartzen dute Aranera gaskoieraren aldaera dela. Alabaina, beste askoren iritziz, niçardera provençeraren aldaera baino ez da (Grimes, 2005).

Gainera, guk, liburu honetan, franco-provençera (arpitan ere deitua) hizkuntza beregaintzat jo dugu. Halere, franco-provençera, aditu askoren arabera, okzitanieraren multzoko aldaera baino ez da.

Okzitaniera hizkuntza bakartzat aldarrikatzen dutenek diotenez, hizkuntza hau Euskal Herriaren iparretik Italiako Aosta Haraneraino heltzen da, Kataluniako Aran Harana barne hartuta. Hiztunak, guztira, 3 edo 4 milioi ei dira, baina Italiako eta Frantziako estatuetan inolako babesik eta ofizialtasunik ez duenez, zaila da zenbatek hitz egiten duten jakitea. Price adituak (2000), esaterako, bi milioi hiztun aipatzen ditu.

Okzitanieraren arrisku-maila honela bereizten da UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean: batetik, lengadocera, auvernhatera eta lemosinera ‘arrisku larrian’ daude; bestetik, provençera eta gaskoiera ‘arriskuan’.

Okzitanierari occitan eta lenga d’oc esaten zaio nazioartean. Antzina, provençal izena ere bazuen, eta izen hori erabiltzen zen Erdi Aroan, hizkuntza honek izugarrizko prestigioa, literatura eta kultura zituenean. Garai haietan, errege-gorteetako hizkuntza kultua izatera ere iritsi zen. Harrezkero, okzitanieraz idazten duen idazle batek, Mistral-ek, literatur nobel saria lortu zuen 1904. urtean, eta horrek hizkuntzaren prestigioa eta berpizkundea ekarri zuen.

Bestalde, okzitaniera hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, aragoiera, arumanera, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta sardiera bezala.

Auvernhatera
Auvernhateraz Frantziako hegoaldean hitz egiten da, Auvergne izeneko herrialdean.

Aditu askoren arabera, auvernhatera edo auvergnatera okzitanieraren aldaera baino ez da (ikus okzitaniera sarrera). Halere, une honetan estandar berezia du, eta horregatik eman diogu sarrera berezia.

Grimesen (2005) arabera, 1.300.000 lagunek hitz egiten dute auvernhateraz. Alabaina, UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, ‘arrisku larrian’ dagoela esaten da, besteak beste, oso haur gutxik ikasten dutelako eta, agian, batek ere ez duelako hitz egiten.

Nazioartean hizkuntzaren izena auvergnat edo auvernhat da. Kontuan izan grafian gertatzen den aldaketak (gn darabilena frantsesaren bidez sortua, eta nh okzitanieraren bidez eraikia) ez diola ahoskerari eragiten, gn eta nh grafemek hots bera adierazten baitute.

Languedocera edo lengadocera

Lengadoceraz Frantziako hegoaldean hitz egiten da, Languedoc herrialdean.

Aditu askoren ustez, lengadocera edo languedocera okzitanieraren aldaera baino ez da (ikus okzitaniera sarrera). Halere, une honetan estandar berezia du, eta horregatik eman diogu sarrera berezia.

Grimesen (2005) arabera, 5.000 lagunek hitz egiten dute lengadoceraz. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, ‘arrisku larrian’ dagoela esaten da, besteak beste, oso haur gutxik ikasten dutelako eta, agian, batek ere ez duelako hitz egiten.

Nazioartean, frantsesaren bidez sortutako languedocien edo okzitanieraren bidez eraikitako lengadoc (lenga d’oc) izenez deitzen zaio.

Lemosinera edo limousinera

Lemosineraz Frantziako hego-mendebaldean hitz egiten da, Limousin herrialdean.

Aditu askoren ustez, lemosinera okzitanieraren aldaera baino ez da (ikus okzitaniera sarrera). Halere, une honetan estandar berezia du, eta horregatik eman diogu sarrera berezia.

Grimesen (2005) arabera, 10.000 lagunek hitz egiten dute lemosineraz. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, ‘arrisku larrian’ dagoela esaten da, besteak beste, oso haur gutxik ikasten dutelako eta, agian, batek ere ez duelako hitz egiten.

Nazioartean erabiltzen diren terminoak limousin eta lemosin dira, frantsesetik eta okzitanieratik eratorriak, hurrenez hurren.

Provençera

Provençeraz Frantziako hego-ekialdean hitz egiten da, Provence herrialdean, eta Italiako (Piedmont-eko goi-haranetan: Val Mairo, Val Varacho, Val d'Esturo, Entraigas, Limoun, Vinai, Pignerol, Sestriero) eta Monakoko mugako lurraldeetan, Nizaren eta Cannesen inguruetan.

Aditu askoren ustez, provençera okzitanieraren aldaera baino ez da (ikus okzitaniera sarrera). Halere, une honetan estandar berezia du, eta horregatik eman diogu sarrera berezia.

Grimesen (2005) arabera, 350.000 lagunek hitz egiten dute provençeraz; horietako gehienak (250.000) Frantzia aldean bizi dira. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, ‘arriskuan’ dagoela esaten da. Halere, egoera larriagoa da Frantzia aldean Italian baino. Izan ere, Italian oso erabilia ei da, eta Frantzian, berriz, oso haur gutxik ikasten dute eta, agian, batek ere ez du hitz egiten.

Nazioartean, provençal deitzen zaio.

Niçardera

Niçarderaz Monakon hitz egiten da. Aditu askoren ustez, niçardera okzitanieraren aldaera baino ez da (ikus okzitaniera sarrera). Halere, une honetan estandar berezia du, eta horregatik eman diogu sarrera berezia. Gainera, okzitaniera hizkuntza-multzotzat jotzen duten askok diote niçardera provençeraren aldaera dela; esaterako, Grimesek (2005).

Grimesen (2005) arabera, 4.500 lagunek hitz egiten dute niçarderaz.Nazioartean niçard da terminorik erabiliena niçardera izendatzeko.

Vivano-alpinera edo alpinera

Vivano-alpineraz Frantziako hego-ekialdean hitz egiten da, baita Italiarekiko mugako lurraldeetan ere.

Aditu askoren ustez, vivano-alpinera okzitanieraren aldaera da (ikus okzitaniera sarrera). Halere, une honetan estandar berezia du, eta horregatik eman diogu sarrera berezia. Gainera, okzitaniera hizkuntza-multzotzat jotzen duten askok diote vivano-alpinera provençeraren aldaera dela; esaterako, Grimesek (2005).

Gaskoiera

Gaskoieraz Frantziako hego-mendebaldean hitz egiten da, Euskal Herriaren iparrean. Aditu askoren ustez, gaskoiera okzitanieraren aldaera baino ez da (ikus okzitaniera sarrera). Halere, une honetan estandar berezia du, eta horregatik eman diogu sarrera berezia.

Grimesen (2005) arabera, 250.000 lagunek hitz egiten dute gaskoieraz, lurraldean 400.000 lagun inguru bizi diren arren. Pricek (2000) 1994an egindako 1.000 galdeketetatik ateratako emaitzen bidez dakigu bizilagunen %26k hitz egiten duela, %41ek ulertzen duela, eta %11k egunero erabiltzen duela. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, ‘arriskuan’ dagoela esaten da, nonbait oso haur eta gazte gutxik darabiltelako. Edozelan ere, aranera (ikus sarrera berezia), gaskoieraren aldaera dena, egoera hobean dago.

Nazioartean gascon deitzen zaio hizkuntza honi.

Azken urteotan, Gaskoieraren berpizkundea gertatzen ari da; horren adierazgarri dira, esaterako, azken aspaldian argitaratzen diren tokian tokiko aldizkariak eta web-orriak –hala nola, Gasco Lanans 2005 web orria–.

Bestalde, euskararen mugakidea izanik, gaskoierak eta euskarak hitz ugari mailegatu dizkiote elkarri. Horietako bat dugu, esaterako, euskarazko ‘lana’ (<’landa’ hitzetik eratorria).

Itxi