Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Nenetsera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Nenetseraz Errusiar Federakundeko Europa aldeko ipar-ekialdean eta Asia aldeko Siberiako ipar-mendebaldean hitz egiten da, Itsaso Zuriko Kanin penintsulatik Yenisey deltaraino. Horrez gain, Itsaso Artikoko uharteetan eta Kola penintsulan ere mintzatzen dira nenetseraz (ikus 10. mapa). Lurralde hori Errusiar Federakundearen barruan dago, Arkhangelsk Herrialdeko Nenets eskualde autonomoaren eta Tyumen Herrialdeko Yamal-Nenets eskualde autonomoaren artean banatuta, eta milioi bat km2-ko zabalera du, Europa eta Asian zehar.

Nenetseraz n’enyts (singularrean) eta n’entsja (pluralean) deitzen zaie nenetstarrei; hitz horiek ‘gizona’ eta ‘gizonak’ adierazten dute; hizkuntzari, berriz, n’enytsia vada esaten zaio. Hegoko auzokoek, komitarrek (ikus komiera), yaran deitzen diete herritarrei, eta hitz horretatik eratorri da nazioartean erabiltzen den terminoa: yurak, alegia. Edozelan ere, beharbada nazioartean hitzik erabiliena samoyeds izango da, eta termino hori selkuptarren (Asiako herritarrak) samatu hitzetik dator.

XX. mendean nenetstarren kopuruak gorantz egin duen arren (ikus 13. irudia), nenetseraren ezagutzak, ostera, beherantz egin du, ehunekoetan behintzat. Izan ere, 1959an nenetstarren %84,7k zekien nenetseraz, eta 1989an, handik hogeita hamar urtera, %77,1ek.

Gaur egun 40.000 inguru direla uste da (Kolga eta beste, 2001). Baina beren lurraldean gutxiengo bihurtu dira, azken urteotan izugarrizko migrazioa gertatu baita lurralde horretarantz (ikus irudia). Nenetstarrak ez dira, bada, beren lurraldeko biztanleriaren %10 ere.

Wurmen (2001) arabera, nenetsera arrisku larrian dago, umeek oso gutxi erabiltzen dutelako. Nenetsera hizkuntza uraldarra da, baina samoyedotarren adarrekoa, Asia aldeko enetsera eta nganasanerarekin batera. Hizkuntza horiek guztiak daude oso egoera larrian.               
Itxi