Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Nederlandera
Familia: Germaniar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Nederlanderaz Holandan eta Belgikan hitz egiten da. Holandan edo Herbehereetan hizkuntza ofiziala da, eta 12.300.000 lagunek hitz egiten dute. Belgikan ere hizkuntza ofiziala da, frantsesarekin eta alemanarekin batera, eta 4.600.000 lagunek hitz egiten dute. Beraz, hizkuntza hau arlo guztietan erabiltzen da normaltasun osoz; hala nola, hezkuntzan, merkataritzan, ikerkuntzan eta justizian.

XIX. mendearen hasieran, Belgika eta Holanda estatu berean bildurik zeuden. Alabaina, 1831n, Belgikak independentzia erdietsi zuen. Orduan, frantsesa bihurtu zen Belgikako hizkuntza ofiziala. Nederlanderak 1998an lortu zuen hizkuntza ofizialaren estatusa Belgikan, baina praktikan elebitasuna ez zen askoz ere geroagora arte hedatu. Bitartean, Bruselan hiriburua frantsestu egin zen. Gaur egun, 1963tik, Belgikan lau hizkuntza-eskualde bereizten dira: nederlanderarena, frantsesarena, alemanarena eta nederlandera-frantsesarena –azken hori elebiduna, hiriburutzat Brusela duena–.

Askotan, hizkuntza beregaintzat jo dira Holandako aldaera eta Belgikakoa; bigarren hori flemish edo flamenkera deritzona da. Gaur egun, aldaera biak hizkuntza bakartzat jotzen dira, eta flemisha aldaeratzat hartzen da. Alde horretatik, 1993an Belgikako eta Herbehereetako agintariek Nederlanderaren Hizkuntza Batasuna izeneko erakundearen eskuetan utzi zituzten hizkuntza-kontuak, aldaera biek estandar bakarra izan dezaten. Erakunde horrek, gaur egun, nederlanderaren ortografia eta gramatika arautzen ditu.

Nederlanderari nazioartean dutch esaten zaio, baina hizkuntza horretako hiztunek, aldaera estandarrean behintzat, nederlandsche deitzen diote.

Nederlandera hizkuntza indoeuroparra da, germaniar azpitaldekoa, alemana, alsaziera, daniera, faroeera, frisiera, ingelesa, islandiera, eta suedierarekin batera, besteak beste. Hizkuntza germaniarren artean mendebaldeko azpitaldean sartzen da.
Itxi