Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Mokshera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Mokshera hizkuntzan Errusiar Federakundeko Mordvin Errepublikaren mendebaldean mintzatzen dira, baita inguruko errepubliketan ere (ikus 10. mapa). Errusian eginiko 1989ko erroldaren arabera, 1.154.000 lagunek hitz egiten zuten moksheraz, eta horietako %28 baino ez zen Mordvin Errepublikan bizi; han, biztanleriaren %37 osatzen zuten. Hiztunen %22 auzoko errepubliketan bizi da, eta beste %23 Volga ibaiaren beste aldean. Gainerako %27a Ukrainan, Moskun eta Kaukason barreiaturik dago (Price 2000). Mokshera-hiztunak 300.000 inguru dira Mordvin Errepublikan.

Nazioartean, izen hauek erabiltzen dira hizkuntza hau izendatzeko: moksha, mordvinian, mordvin-moksha, mordov, mordoff eta mokshan.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera, ‘arriskupean’ dago mokshera, oso ume eta gazte gutxik erabiltzen dutelako.

Mokshera 1970ean sartu zuten eskolan, eta 37.000 ikaslek aukeratu zuten mokshera edo moksheraz ikastea. Alabaina, 1995ean, 3.365 ikaslek baino ez zuen moksheraz ikasten. Bestalde, bada moksheraz idazten den aldizkari bat: Moksha izenekoa, alegia (Price 2000).

Mokshera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi