Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Mirandera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Miranderaz Portugaleko ipar-ekialdeko Miranda do Douro herrian eta inguruetan hitz egiten da, Espainiako mugatik hur. Hiztunak 10.000 inguru dira (Price 2000).

Izatez, mirandera antzinako leoneraren aldaera da. Baina leonera desagerturik dago, eta gaur egun bizirik dirauten aldaera biak, asturiera eta mirandera, antzinako lurraldearen muturretan erabiltzen dira.

Miranderak ez du ofizialtasunik Portugalen, baina Lehen eta Bigarren Hezkuntzan erakusten da, irakasgai gisa. Gainera, forma estandarra eraikitzen ari dira, horretarako idazketa-arauak eta gramatika estandarra apurka-apurka onetsiz.

Wurmek (2001) hizkuntza honi leonera deitzen dio, eta oso arrisku larrian dagoela uste du. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean ere leonera deitzen zaio miranderari, eta ‘arrisku larrian’ dagoela esaten da.

Mirandera hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, aragoiera, arumanera, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta sardiera bezala.

Itxi