Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Mazedoniera
Familia: Eslaviar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Mazedoniera Mazedoniako hizkuntza ofiziala da. XIX. mendean, mazedonieraren berrikuntza jarri zen abian. Horretarako, alfabeto zirilikoa onetsi zuten, eta aldaera estandarra taxutzen hasi ziren. Aldaera estandarra erdi-mendebaldeko dialektoan oinarritu zen.

XIX. mendearen amaieran, Mazedonian ohikoa izan zen seme-alabak bulgarierazko eskoletara bidaltzea, mazedonieraren antzeko hizkuntza zela pentsatuz, baina, berehala, mazedonieraren aldekoak mazedonierazko hezkuntza aldarrikatzen hasi ziren.

Halere, 1913an, Mazedonia Bulgaria eta Serbia artean zatitu zenean, bulgariera eta serbiera bihurtu ziren hizkuntza ofizialak, eta zeregin garrantzitsuetan publikoan erabil zitezkeen bakarrak. Gero, 1944an, mazedoniera berriro bihurtu zen Mazedoniako hizkuntza ofiziala, Jugoslaviaren barruan. Handik gutxira, 1945ean, ortografia-sistema araututa zegoen; eta hamar urteren buruan, literaturan eta hizkuntza idatzian estandarra erabiltzen zen. Gaur egun, 1991tik, Mazedonia independentea da, eta mazedoniera da bertako hizkuntza ofiziala.

Mazedonieraz gutxi gorabehera 1.400.000 lagunek hitz egiten dute Mazedonian. Baina badira mazedoniera-hiztunak Albanian (15.000 inguru) eta Grezian ere (180.000 inguru). Grezian, Mazedonia deritzan lurraldean bizi dira, eta erlijioaren praktika eta hezkuntza mazedonieraz egiten dute.

Nazioartean macedonian deritzo; Grezian, berriz, slavonic, eta hizkuntza horretako hiztunek makedonski deitzen diote.

Mazedoniera hizkuntza indoeuroparra da, eslaviar adarrekoa, hain zuzen. Hizkuntza eslaviarrak Europan hitz egiten dira, batez ere. Hauek dira horietako batzuk: bielorrusiera, bosniera, bulgariera, errusiera, eslovakiera, pomakera, rutheniera, serbiera, sorbiera, txekiera eta ukrainera.

Itxi