Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Mariera (mendebaldekoa)
Familia: Uraldar hizkuntzak

Marieraz Errusiar Federakundeko Mari Errepublikan hitz egiten da (ikus 10. mapa), eta bertako hizkuntza koofizialetako bat da. Mari Errepublikan, marieraren bi era –ekialdekoa eta mendebaldekoa– onartzen dira koofizialtzat, eta bakoitzak bere estandarra dauka (Grimes 2005).

Mendebaleko mariera-hiztunak 66.000 inguru dira.

Nazioartean mariera bi bereizten ez direnez, ekialdeko marierarekin jazotzen den legez, mari eta cheremis deitzen zaio mendebaldekoari ere.

Maritarren erdiak (%52) Mari Errepublikatik kanpo bizi dira; batez ere, Tatarstan eta Bashkorkostan errepubliketan eta Kirov eta Yekaterinburg herrialdeetan. Maritarren talde etnikoa –ekialdeko marieraz eta mendebaldeko marieraz hitz egiten dutenen talde osoa– hazten ari da etengabe azken mendean, inguruko beste herri gutxituak ez bezala. Marieraz mintzatzen diren maritarren ehunekoa azken mendean apur bat jaitsi egin bada ere (ikus 12. irudia), inguruko herri gutxitutakoek baino sendoago eusten diete beren hizkuntzari (Vaba eta Viikberg 2002).

Mariera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan asko dira hizkuntza uraldarrak; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi