Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Mariera (ekialdekoa)
Familia: Uraldar hizkuntzak

Marieraz Errusiar Federakundeko Mari Errepublikan hitz egiten da (ikus 10. mapa), eta bertako hizkuntza koofizialetako bat da. Mari Errepublikan marieraren bi era onartzen dira koofizialtzat: ekialdekoa eta mendebaldekoa; horietako bakoitzak bere estandarra du (Grimes, 2005; Department of Dynamic Linguistics, Tokioko Unibertsitatea 2005; Vaba eta Viikberg 2002).

Ekialdeko mariera-hiztunak 525.000 inguru dira, talde etnikoan 600.000 lagun diren arren.

Nazioartean izen bi dira hedatuenak hizkuntza hau izendatzeko: mari eta cheremis. Marieraz mari deitzen diote beren buruari.

Mariera Mari Errepublikako hizkuntza koofizialetako bat denez, Lehen Hezkuntzan erabiltzen da, eta badaude marierazko aldizkariak eta irrati-saioak.

Maritarren erdiak (%52) Mari Errepublikatik kanpo bizi dira; batez ere, Tatarstan eta Bashkorkostan errepubliketan eta Kirov eta Yekaterinburg herrialdeetan. Maritarren talde etnikoa –ekialdeko marieraz eta mendebaldeko marieraz hitz egiten dutenen talde osoa– hazten ari da etengabe azken mendean, inguruko beste herri gutxituak ez bezala. Marieraz mintzatzen diren maritarren ehunekoa azken mendean apur bat jaitsi egin bada ere, (ikus XX. irudia), inguruko herri gutxituetakoek baino sendoago eusten diote beren hizkuntzari (Vaba eta Viikberg 2002).

Mariera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan asko dira hizkuntza uraldarrak; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi