Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Manxera edo manera
Familia: Zelta hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Manera Man uharteko hizkuntza izan da, 1974an Ned Maddrell izeneko azken hiztuna zendu zen arte (Nettle eta Romaine, 2000). Man uhartea Britainia Handiaren eta Irlandaren artean dago, eta bertan 77.000 lagun inguru bizi dira.

Wurmen (2001) liburuan hilzat jotzen da hizkuntza hau. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean ere gauza bera esaten da. Gaur egun, ahaleginak egiten ari dira manera berreskuratzeko, eta ehunka batzuek ikasi dute (Grimes 2005).

Gainera, hizkuntza hau jendaurreko zenbait ekitalditan ere erabiltzen da, baina era sinbolikoan, batez ere. 1985ean forma estandarra egiteari ekin zioten.

Nazioartean manx deitzen zaio, baina autoglotonimoa –hizkuntza horretan bertan hizkuntza izendatzeko era– ghaelg edo gaelg da.

Manera hizkuntza indoeuroparra izan zen, hizkuntza zelten adarrekoa. Hizkuntza zeltak Europako mendebaldean hitz egiten dira. Gaur egun bizirik direnak hauexek dira: bretainiera, Eskoziako gaelikoa, galesera, Irlandako gaelikoa eta kornubiera.

Itxi