Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Livviera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Livvieraz Errusiar Federakundeko ipar-mendebaldeko Karelia Errepublikan eta Finlandiako Ladoga Lakuaren iparraldean hitz egiten da (ikus 10. mapa). Errusiar Federakundean 14.000 inguru dira livviera-hiztunak, eta Finlandian 5.000 inguru. Halere, talde etnikoan 140.000 lagun dira.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera, ‘arriskupean’ dago livviera, oso gazte gutxik dakitelako. Txosten horren arabera, Finlandian ehunka batzuek baino ez dute hitz egiten livvieraz; Errusia aldean, berriz, 25.000k. Finlandian egoera oso larria ei da, dagoeneko gazteek ez baitute livviera erabiltzen (Minority Languages (EB) 2005).

Azken urteotan, 1990etik aurrera, hizkuntzaren aldeko mugimendu sendoa sortu da, eta livvierak badu nola-halako tokia hezkuntzan. Horrez gain, badira aldizkariak eta irrati-saioak livvieraz (Grimes 2005).

Hizkuntzaren autoglotonimoa –livvieraz deitzeko era– livvin kieli da, eta herritarren izena, berriz, livvikuit. Nazioartean, hizkuntza honek izen hauek hartzen ditu: livvi, olonetsian, olonets, livvikovian, livvikovskij jazyk eta hegoko karelian.

Livviera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi