Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Livera edo livoniera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Livera-hiztunak oso gutxi dira gaur egun. Batzuen ustez, 35 izan ziren 1990ean (Kolga eta beste 2001), eta beste batzuek diotenez, 15-20 izan ziren 1994an (Grimes 2005). Badirudi, beraz, hizkuntza hau hilzorian dagoela. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera, ‘heriotzatik hur’ dago livera, hiztunik gazteenak 50 urte inguru baititu. Wurmen iritziz (2001) ere ‘hiltzear’ dago.

Dakigunez, azken mendeetan livoniera-hiztunak gutxituz joan dira. 1835ean, 2.000 inguru izan ziren; 1860an, 3.000; 1925ean, 1.238; 1939ko erroldan, 2.000; 1948koan, 500; 1959koan, 200; 1990ekoan, 35; eta gaur egun, 15en bat (Vaba eta Viikberg 2002).

Livoniarrak Lituaniako iparraldean bizi dira, Rigako Golkoko ekialdeko itsasertzeko herrixketan, eta arrantzaleak dira, batez ere.

Liverak berpizkundea izan zuen XX. mendearen hasieran, Lituaniako Errepublikan. Hizkuntzaren eta kulturaren aldeko elkartea sortu zuten, eta hezkuntzan aukerako irakasgai izatea erdietsi zuten. Baina Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Lituania Sobietar Batasunak menderatu zuenean, ordura arteko askatasuna desagertu egin zen. Esaterako, 1949an, Stalinek agintzen zuela, hainbat livoniar Siberiara egotzi zituzten, eta liveraren aldeko mugimendua isilarazi eta debekatu egin zuten. Azken urteetan, bada ‘Kultur elkarte livoniarra’ deritzan talde bat, hizkuntza berpizteko ahaleginetan ari dena.

Liveraz randakeel (‘itsasertzeko hizkuntza’) deitzen zaio hizkuntzari, eta raandalist (‘itsasertzeko bizilagunak’) eta kalamied (‘arrantzaleak’) herritarrei. Nazioartean, liv eta livonian deritzo hizkuntzari.

Livera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi