Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Krytsera edo kryzera
Familia: Ipar-ekialdekoa (dagestandarra) ( Kaukasoar hizkuntzak )

Krytsera edo kryzera hizkuntzan Hego Kaukasoko Azerbaijanen mintzatzen dira (ikus 12. mapa), Konakhkent eskualde menditsuko Kryz, Alik, Dzhek, Haput eta Ergyuch herrietan. Gutxi gorabehera, eskualdea 2.000 metroko garaieran dago, eta neguan bakarturik bizi dira. Inguruan lezgitarrak bizi dira iparrean, khinalugharrak ekialdean, azerbaijandarrak hegoaldean eta budukhtarrak mendebaldean.

Krytseraz kjruaj mez deitzen diote hizkuntzari, eta kjrtuar herritarrei. Nazioartean hizkuntza hau izendatzeko era hedatuenak hauek dira: kryts, kryz, kryc, kryzy, katsy, dzek, dzhek eta dzheki.

Krytserak ez dauka lekurik ez hezkuntzan ez administrazioan, eremu horietan Azerbaijaneko hizkuntza ofiziala, azerbaijanera, erabiltzen baita. Hiztunek ez dute kryzeraz idazten, baina badirudi eguneroko bizitza egiteko bizitasun handia duela. Guztira, 6.000 lagun inguruk hitz egiten dute (Grimes 2000). Halere, beste iturri batzuek –hala nola, Kolga eta beste (2001)– hiztunik gazteenak helduak direla diote, eta, ondorioz, hizkuntza desagertzen ari dela.

Krytsera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-ekialdeko edo dagestandar azpitaldeko lezgic azpitaldekoa, aghulera, archiera, budukhera, khinalughera, lezgiera, rutulera, tabasaranera, tsakhurera eta udierarekin batera.

Itxi