Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Kornubiera
Familia: Zelta hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Kornubiera Britainia Handiko Cornwalleko hizkuntza da. Gaur egun, kornubieraz badakitenak badiren arren, kornubieraren berezko transmisioa, antza denez, 1777an eten zen, Dolly Pentreath izeneko azken hiztuna hil zenean (Moreno Cabrera 2003). Halere, bereziki 1980tik aurrera, ahalegin handiak egin dituzte hizkuntza berpizten, eta gaur egun seiehun bat lagunek hitz egiten dute kornubieraz (Grimes 2005). Hizkuntza berreskuratu egin dute, eta hari bizirik eusten ahalegintzen dira. Cornswalleko biztanleria-kopurua milioi erdikoa da.

Bitxia da, hizkuntza berreskuratzeko egin diren ahaleginen ondoren, gaur egun hiru kornubiera izatea: modernoa, batua eta arrunta izenekoak. Eztabaida gogorrak izaten dira hiru era horien defendatzaileen artean, antzinako kornubierari egokien zein lotzen zaion erabakitzeko, ez baitira ados jartzen.

Interneten, bada kornubierari buruzko informazioa jasotzeko eta kornubiera ikasteko aukerarik; esaterako,Warlinennen web gunean (2005).

Ingelesez kornubieraren izena cornish da, eta gaztelaniaz córnico.

Kornubiera hizkuntza indoeuroparra da, hizkuntza zelten adarrekoa. Hizkuntza zeltak Europako mendebaldean hitz egiten dira. Gaur egun bizirik daudenak hauexek dira: bretainiera, Eskoziako gaelikoa, galesera eta Irlandako gaelikoa.

Itxi