Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Komi-permyakera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Permyakeraz Errusiar Federakundeko Komi Errepublikaren hegoaldean hitz egiten da (ikus 10. mapa), Perm herrialdeko Komi-Permyak eskualde autonomoan eta inguruko lurraldeetan.

Permyaktarrak 151.000 inguru dira, baina 95.000 inguru bizi dira Komi-Permyak eskualde autonomoan. Komi-Permyak eskualde autonomoan permyaktarrak %61,4 dira. Herri txikietan gehiengoa dira, baina hirietan aurkakoa gertatzen da.

Permyaktarren %77k baino ez du permyakeraz hitz egiten, 116.000 lagunek, alegia (Grimes 2005). Gainera, 1989ko erroldaren arabera, ume permyaktarren %22k baino ez zekien permyakeraz (Vaba eta Viikberg 2002).

Eskolan ez da permyakera erabiltzen, edo oso leku gutxitan irakasten dute. Errusiartzea gero eta handiagoa eta bortitzagoa da.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, hizkuntza hau ‘arriskupean’ dagoela esaten da, soilik urruneko landetako haurrek ikasten dute-eta. Iritzi berbera dute Wurmek (2001) eta Vabak eta Viikbergek (2002).

Permyaktarrek komi edo komi-permyak deitzen diote beren buruari, herritarrei, alegia.

Komi-permyakera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian erabiltzen dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi