Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Komiera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Komiera hizkuntzan Errusiar Federakundeko ipar-mendebaleko Komi Errepublikan mintzatzen dira (ikus 10. mapa). Komiarrak Komi Errepublikako %23 dira gaur egun; 345.000, hain zuzen, 1989ko erroldaren arabera. Alabaina, horietako %78k baino ez daki komieraz. Beraz, komiera-hiztunak 262.000 lagun dira.

Deigarria da ikustea komitarrak azken ehun urteetan nola bihurtu diren Komi Errepublikako gutxiengoa; izan ere, 1926an %85 ziren, eta 1989an %23 besterik ez (ikus X. grafikoa). Badirudi murrizketa hori errusiarren kolonizazioaren ondorioa izan dela (Vaba eta Viikberg 2002), batez ere 1930ean komieraren alde eta komitar kulturaren alde lan egiten zuten gizasemeen aurka egin ondoren. Hona hemen kolonizazioaren adibide argi bat: Sobietar Batasunaren garaian, preso-eremu erraldoiak eraiki ziren Komin, eta gero preso askoren bertakotzea gertatu zen.

Komierak badu beste izen bat: komi-zyrian. Hizkuntza hau oso hur dago udmurtera hizkuntzatik eta permyakeratik (komi-permyakera ere deitua); iturri batzuen arabera, hiztegiaren %80 dute komuna hiru hizkuntza horiek.

Komiera Komi Errepublikako hizkuntza koofiziala da, eta Lehen Hezkuntzan eta Unibertsitatean erabiltzen da; Bigarren Hezkuntzan, ostera, irakasgai gisa baino ez da irakasten. Irratian eta telebistan ere badu lekua.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, hizkuntza hau ‘arriskupean’ dagoela esaten da. Wurmen (2001) eta Vaba eta Viikbergen (2002) lanetan ere komiera ‘arriskupean’ dagoela adierazten da.

Komiera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian erabiltzen dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi