Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Eslaviar hizkuntzak

Eslaviar hizkuntzak indoeuroparren adarrekoak dira. Linguistikoki, Baltar hizkuntzetatik nahikoa hurbil daude, eta hizkuntzalari batzuren ustez (Comrie, Mattews eta Polinsky 2003), hizkuntza-talde biek balto-eslaviar azpifamilia osatzen dute.

Aitzin-eslaviarraren jatorria, itxuraz, Oder ibaiaren, Itsaso Baltikoaren, Dnieper ibaiaren eta Danubio ibaiaren arteko eremu zabalean kokatzen da. Antza denez, eslaviarren mugimendu migratzaileen ondorioz hasi ziren hizkuntza-familiak bereizten, VI. mende aldera. Jadanik IX. menderako ekialdekoa, mendebaldekoa eta hegoaldekoa bereizita zeuden, eta haietatik bilakatu ziren hemen aurkezten ditugun hizkuntzak:

Mendebaldekoak

Hegoaldekoak

Ekialdekoak

Poloniera (5)

Kashubiera (6)

Sorbiera (7)

Txekiera (8)

Eslovakiera (9)

Esloveniera (10)

Kroaziera (11)

Bosniera (12)

Serbiera (13)

Mazedoniera (14)

Bulgariera (15)

Pomakera (16)

Bielorrusiera (1)

Errusiera (2)

Rutheniera (3)

Ukrainera (4)

Hizkuntza eslaviarrez ezagutzen den lehen testu idatzia, IX. mendekoa, eslovenieraz idatzita dago. Hizkuntza eslaviarrak hitz egiten diren herrialdeetan, Kristautasun katolikoak eragin handia izan duten herrietan, latindar alfabetoa erabiliz idatzi ohi dute, zenbait hots transkribatzeko zeinu bereziak ezarriz: polonieraz, eslovakieraz, eslovenieraz eta kroazieraz, esate baterako. Eliza Ortodoxoaren eragina izan dutenek, aldiz, alfabeto zirilikoa erabili dute: errusieraz, bielorrusieraz, ukraineraz, serbieraz, kroazieraz eta bulgarieraz. Hala ere, bi mendetan zehar glagolitikoa deitzen den idazkera berezi bat ere erabili da eslovenieraz, kroazieraz eta bulgarieraz idazteko, batez ere erabilera liturgikorako.

Gaur egun, munduan zehar, gutxi gorabehera 285 milioi lagunek hitz egiten dute hizkuntza eslaviarren batean.