Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Baltar hizkuntzak
Hizkuntzalari gehienak bat datoz hizkuntza baltarrak eta eslaviarrak aitzin-hizkuntza baten oinordeko taldeak direla eta bi azpifamilia eratzen dutela esatean. Beste hizkuntzalari batzuek hizkuntza germaniarrekin ere elkartzen dituzte hizkuntza baltar eta eslaviarrak.
Baltarren jatorriko lurraldea mendebaldetik Poloniako Parseta ibaiak, ekialdetik Moskuk, hegoaldetik Kievek eta iparraldetik Rigak mugatzen dute. Lurralde horretan, K.a. II. milurtekoan hizkuntza baltarra erabiltzen zen, Villarren arabera (1996, Moreno Cabrera 2003tik hartua).
Badirudi baltar ama-hizkuntzatiko lehen bereizketak ekialdeko eta mendebalekoen artean gertatu zirela; mendebaldeko hainbat hizkuntza desagertu dira germaniarren eraginez. Prusiera, adibidez, XVII. mendean galdu zen. Bestalde, ekialdekoak diren letoniera (1) eta lituaniera (2) V. mende aldera bereizten joan ziren  bereizten.
Ezagutzen diren testu zaharrenak XVI. mendekoak dira, eta lituanieraz zein letonieraz idatzita daude. Hizkuntza horiek idazteko, XX. mendera arte alfabeto gotikoa erabiltzen zen. Sobietar Batasunaren garaian, Lituanian eta Letonian alfabeto zirilikoa erabili zen, eta independentzia lortu zutenean, idazkera latindarra erabiltzeari ekin zioten.