Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Hizkuntza erromantzeak

Hizkuntza erromantzeak latina zatitzearen ondorioz sortu ziren, Erromatar Inperioa hedatu zen lurraldeetan bereziki: batez ere, Italiako eta Iberiar penintsuletan eta Frantzian. Gerora kolonizazioarekin, munduan zehar hedatu dira.
Munduko hizkuntzen artean, hizkuntza horien bilakaera da ongien ezagutzen denetakoa. Izan ere, ondo dokumentatua dago Italia erdialdeko hizkuntza txikia, latina, antzinako mundu osora nola hedatu zen, eta lekuan lekuko hizkuntza asko nola desagertu ziren.
Latinaren zatikatzea Erromatar Inperioa erori baino lehen hasi zen; IX. Menderako, latin arruntaren eta latin klasikoaren arteko urruntzea nabarmena zen. Desagertutako hizkuntzek eragin zuzena izan zuten lekuan lekuko latindar hizkuntzaren bilakaeran. Bilakaera desberdin horien ondorioz, erromantze hizkuntzak bereizten joan ziren; ez dira, beraz, latin klasikotik eratorri, baizik eta herritarren latin arruntetatik.
Erromantzeen artean literatura garrantzitsua duen lehena okzitaniera da; okzitanierak garrantzia handia izan zuen XII. mendean. Beste erromantze batzuetan ere, -esate baterako, gaztelaniaz, katalanez eta Italiako zenbait hizkuntzatan-, lehen testigantza idatziak X. eta XIII. mende bitartekoak dira.
Gaur egun hitz egiten diren hizkuntza erromantzeen artean bi azpitalde bereizten dira:

MendebalekoakEkialdekoak
Iberiar penintsulakoakFrantzia aldekoakErreto-romantxe taldeaItalia aldekoak 
Aragoiera (19Frantsesa (14)Friulera (12)Italiera (8)Arumanera (1)
Asturiera (20)Wallona (15)Erromantxera (11)Korsikera (9)Dalmaziera (2)
Galiziera (21)Okzitaniera (17)Ladinera (13)Sardiera (10)Errumaniera (3)
Gaztelania (22)Frankoprovenzera (18)Istriera (4)
Ladinoa (23)Katalana (24)Istro-romaniera (5)
Mirandera (25)Meglenera (6)
Portugesa (26)Moldaviera (7)
Aranera (16)
Katalana (24)

 

Mapan ikus daitekeenez, Europako lurralde zabalean hitz egiten da erromantze hizkuntzaren bat edo gehiagotan. Lurralde elebidunak marren bidez adierazi dira. Esate baterako, galizieraz hitz egiten den eremuan gaztelaniaz ere hitz egiten dela adierazi da horrela. Aipatzekoa da, bestalde, Europako ekialdean, hizkuntza eslaviarrek eta hungarierak inguratuta, oso hurbil dauden bi erromantze hizkuntzatan hitz egiten dela: errumanieraz (3) eta moldavieraz (7), hain zuzen.
Kontuan hartu behar da, bestalde, espainiarren eta portugesaren kolonizazioaren ondorioz ‑eta gero, frantsesen eta italiarrenaren ondorioz‑, gaur egun munduan zehar zenbait erromantze hizkuntza daudela barreiatuta. Munduan horrelakoren batean hitz egiten dutenak 800 milioi pertsona ei dira. Gainera, egun, munduko hizkuntza gehienetan, latindar alfabetoa erabiltzen da idazteko.