Munduko hizkuntzen amarauna
 
Introduction
World Languages Review
Data of the
languages

Questionnaire
News
Articles
The languages of Europe
Languages and Immigration
Forum
Links
Contact us

In some sections of this web site is required to get installed a Flash Player plug-in.


THE LANGUAGES OF EUROPE

< The Languages of Europe > < > < >

 

Babesle:

 

Amarauna ikerketa taldeak Europako hizkuntzei buruzko oinarrizko informazioa bildu eta eskaintzen dizu gune honetan. Lan honekin, taldeak dituen helburuetariko bi betetzen dira: batetik, ezagutza arloan, hizkuntza komunitate gutxituen egoerak ezagutzera ematea, hizkuntza eskubideak eta biziberritze planak sustatzeko, eta, bestetik, zabalkunde arloan, munduko hizkuntza ondarearen garrantzia eta ondare hori gorde beharraz iritzi publikoa sentsibilizatzea.

Europako hizkuntzak izeneko egitasmo honetan, Uraletaraino mugatu dugun Europako hizkuntzei buruzko oinarrizko informazioa aurkeztu nahi dizugu, modu erraz eta argian, interesa duen edonork kontinente honetako hizkuntza ondarearen ikuspegi orokorra izan dezan. Lan honetan, beraz, ez ditugu kontuan izan Europako estatuek Europatik kanpo dituzten lurraldeetako hizkuntzak, hala nola, tamazight-a Espainiako Afrikako lurraldeetakoa, inuitera, Danimarkako Groenlandiakoa edo Frantziak, Ozeanian edota Afrikan zehar dituen lurraldeetakoak.

Hizkuntza arteko ahaidetasuna kontuan hartuta, aberastasun handia dago Europan. Hizkuntza gehienak indoeuroparrak dira, hau da, arbaso bera dute, nahiz eta ibilbide luze eta ezberdina egin duen familia bakoitzak. Baina indoeuroparrak ez diren hizkuntza uraldarrak, katveliarrak, kaukasoarrak, altaitarrak eta semitak ere aurkituko dituzu.

Zer esanik ez, euskarak ere bere lekua du Europako hizkuntzak lan honetan. Beste hizkuntzarekin ahaidetasunik ez duen Europako hizkuntza bakarra da, eta horregatik hizkuntza isolatua edo bakartua dela esaten da.

Web gune honetan aurkituko dituzu Europa osoa hartzen duten hiru mapa: eremu geografikoaren araberako Europako hizkuntzen mapa, egungo Europako estatuen mapa, eta, Europako hizkuntzen familiak bereizten dituen mapa.

Eremu geografikoaren araberako maparen bitartez hizkuntza bakoitzari dagokion fitxara joan zaitezke eta Europako hizkuntzen familien maparen bitartez familia bakoitza irudikatzen dituzten mapa partzialetara.

Alde batetik, indoeuroparrak osatzen dituzten azpi-familiak: eslaviarra, germaniarra, erromantzea, zelta, baltarra eta beste hizkuntza indoeuroparrak. Bestetik, indoeuroparrak ez diren familiak: uraldarra, altaitarra, Kaukasoko hizkuntzak eta kartveliarrak , eta semitak.

Familiaka antolatutako mapa horiek hizkuntza-talde bakoitzeko hizkuntza guztiak mapa berean erakusten dituzte, kokagune geografikoak eskaintzen duen ikuspegi interesgarria emanez. Bestalde, eremu geografiko bakoitzean hitz egiten diren hizkuntza guztiak ikusteko aukera ere izango duzu.

Ordena alfabetikoan, hizkuntza bakoitzari eskainitako sarreraren bitartez, oinarrizko datuak aurkituko dituzu, dagokion familiari erreferentzia eginez, modu errazean kokatzeko. Datu horiek kokapen geografikoari, hiztun kopuruari eta egoera soziolinguistikoari egiten diete erreferentzia. Gainera, hizkuntza indartzeko zein ahalegin egin diren ere laburbiltzen da. Bestalde, hizkuntza zein familiatakoa den, hiztunek zelan deitzen dioten (autoglotonimoa) eta nazioartean zelan deitzen zaion (heteroglotonimoa) aurkituko duzu.

Hizkuntza horiek guztiak euskaraz izendatzeko irizpideak beste lan batzuetan (Martí eta beste 2005; Barreña eta beste, agertzeko) erabili ditugun berberak dira, eta Uranga eta beste, (2005)ean eta Web gune honetan daude azalduta zehatz-mehatz. Labur esanda, euskaraz hizkuntza baten izena zabal erabili bada, edota Euskaltzaindiak arautu badu, horixe erabili dugu guk ere. Gainontzeko hizkuntzen izenak proposatzeko, oro har, euskararen eratorpen arauei jarraitzen saiatu gara.

Liburua idazteko erabili dugun iturri nagusia hemen bertan eskura duzun Amarauna datu-basea da. Datu base hori 1997 urtean osatzen hasi ginen, UNESCOk eskatutako Munduko hizkuntzei buruzko txostena (Martí eta beste 2005) prestatzeari ekin genionean. Orduan, hizkuntzen egoera soziolinguistikoari buruzko berrogei galderadun galdetegia prestatu eta mundu osoan zabaldu genuen. Gaur, datu baseak 800 bat hizkuntzei buruzko informazioa dauka. Datuak hizkuntzen egoera soziolinguistikoari buruzkoak dira: ofizialtasuna, administrazioko erabilera, eskolan eta komunikabideetako erabilera eta transmisioa, besteak beste. Hizkuntzen datuak jasotzeko erabili den galdeketa denon eskura dago Amarauna web gunean.

Ahaidetasuna eta hizkuntza familiei buruzko informaziorako oinarrizkoak dira Comrie eta beste (2003), eta Moreno Cabrera (2003). Horiez gain, hizkuntza bakoitzari buruzko informaziorako, Kolga eta beste (2001), Grimes (2005) eta Price (2000) garrantzizkoak izan dira. Azkenik, aipatu behar da Würm (2001)ek zuzenduriko mundu osoari loturiko lanean, Europakoaren ardura izan duen Tapani Salminen (2001)-en ekarpena. Lan horretan Wurm-ek oso ezaguna egin den hizkuntza arrisku mailaketa proposatu zuen, eta guk ere erabili dugu. Sailkapen horrek haurrek hizkuntzak ikasten dituzten ala ez hartzen du oinarri. Honakoa da:

(i)‘desagertutako hizkuntzak’,

(ii) ‘ia desagertutako hizkuntzak’; gehienez hamar hiztun,

(iii) ‘arrisku larrian’ dauden hizkuntzak; hiztun gehiagorekin baina ia umerik ez hiztunen artean,

(iv) ‘arriskupean’ dauden hizkuntzak; hiztunen artean umeak ere aurkitzen dira baina kopurua beherantz doa,

(v) ‘ balizko arriskupean’ dauden hizkuntzak, ume askok hitz egiten dute baina ez du babes ofizialik,

(vi) ‘arriskugabeko’ hizkuntzak; gutxienez bi benaulalditan hizkuntzaren transmizioa betetzen da.

Europak hizkuntza aberastasun handia du, eta hori erakusten ahalegindu gara. Nolanahi ere, hizkuntza guztiek ez dute estatus bera. Mundu aberatsean egonik, eta munduko hizkuntzarik zabalduenetakoak Europan sortu direnez, hizkuntza horiek eta beste batzuk gizartearen arlo askotan erabiltzen dira eta badirudi oraingoz behintzat bizirauteko arazorik ez dutela izango. Beste batzuk, aldiz, hiztunen arlo pribatuan baino ez dute lekurik; ez dira ofizialak, eta gazteek, edo ez dakizkite edo, jakin arren, ez dituzte sarri erabiltzen: haien etorkizuna, beraz, oso kezkagarria da.

Gure helburua Europan sortu eta bertan bizi diren hizkuntzen berri ematea izan da. Badakigu beste kontinenteetatik datozen etorkinek ere Europako hizkuntza ondarea eten gabe aberasten ari direla, eta liburu honetan aipatzen ez diren beste hizkuntza asko ere hitz egiten direla Europan: txinera, bereberea, ketxua, swahilia eta beste hainbat. Lan honetan ez agertzeak ez die inondik ere ukatzen Europan ere erabili eta hizkuntza komunitate bezala indartzeko aukera, eta hori opa diegu guztion mesederako izango baita.

Edozein dela ondarea, hura zaindu ahal izateko ezagutu egin behar da. Egitasmo honetan hizkuntzena eskaintzen zaizu. Ziur gaude alferrik ez dela izango.

Amarauna taldeak eskerrak eman nahi dizkie lan hau egitea ahalbidetu duten laguntzaileei: hizkuntzei buruzko galdetegia osatu eta guri bidali diguten guztiei, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, eta, jakina, UNESCO Etxeko lan-talde eta zuzendaritza osoari.

Aldi berean, eskerrak nahi dizkiegu aldez aurretik, lan hau hobetu edo aberastuko duen edonori, izan ere, hemen eguneratzeko aukera izango baita.

 

ERANSKINA: Erreferentzia bibliografikoak

ERANSKINA: Hizkuntza-zerrenda

Abazera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra

Abkhazera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra

Adyghera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra

Aghulera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra

Akhwakhera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra

Albaniera, [Indoeuroparra], Albaniarra     

Alemana, [Indoeuroparra], Germaniarra     

Alsaziera, [Indoeuroparra], Germaniarra     

Andiera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Aragoiera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Arameera, [Ez-indoeuroparra], Semita      

Aranera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Arbëresha, [Indoeuroparra], Albaniarra    

Archiera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Armeniera, [Indoeuroparra], Armeniarra     

Arumanera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Arvanitea, [Indoeuroparra], Albaniarra    

Assyriera, [Ez-indoeuroparra], Semita       

Asturiera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Avarera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Azerbaijanera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra      

Bagulalera edo bagvalera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Balkarera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra       

Bashkirera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra       

Batsera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Behe alemana, [Indoeuroparra], Germaniarra     

Bezhtera edo bezthiera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra 

Bielorrusiera, [Indoeuroparra], Eslaviarra     

Bokmal (norvegiera), [Indoeuroparra], Germaniarra   

Bosniera, [Indoeuroparra], Eslaviarra     

Botlikhera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Bretainiera, [Indoeuroparra], Zelta    

Budukhera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Bulgariera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Chamalalera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Chuvashera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra       

Dalmaziera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Daniera, [Indoeuroparra], Germaniarra     

Dargvera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Didoera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Erromantxera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Errumaniera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Errusiera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Eskoziako gaelikoa, [Indoeuroparra], Zelta     

Eslovakiera, [Indoeuroparra], Eslaviarra     

Esloveniera, [Indoeuroparra], Eslaviarra     

Estoniera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Euskara, [Ez-indoeuroparra], Hizkuntza bakartua  

Faroeera, [Indoeuroparra], Germaniarra     

Finlandiera edo suomiera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra 

Franciquera, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Frankoprovenzera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Frantsesa, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Frisiera, [Indoeuroparra], Germaniarra     

Friulera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Gagauzera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra      

Galesera, [Indoeuroparra], Zelta    

Galiziera, [Indoeuroparra], Erromantzea        

Gaztelania, [Indoeuroparra], Erromantzea        

Georgiera, [Ez-indoeuroparra], Kartveliarra      

Godoberiera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Greziera, [Indoeuroparra], Greziarra    

Hinukhera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Hungariera (ugriar bakarra), [Ez-indoeuroparra], Uraldarra 

Hunzibera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Ingelesa, [Indoeuroparra], Germaniarra     

Ingriera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra       

Ingushera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Irlandera edo Irlandako gaelikoa [Indoeuroparra], Zelta

Islandiera, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Istriera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Istro-romaniera, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Italiera, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Kabardiera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Kalmykera, [Ez-indoeuroparra], Mongoliarra       

Karachayera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra       

Karaimera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra       

Karatera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Kareliera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra       

Kashubiera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Katalana, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Kazakhera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra      

Khaidakera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Khinalughera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Khvarshera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Komiera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Komi-permyakera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Kornubiera, [Indoeuroparra], Zelta    

Korsikera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Kroaziera, [Indoeuroparra], Eslaviarra     

Krytsera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Kubatxiera edo urbukera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Kumykera edo kumukera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra    

Kurduera, [Indoeuroparra], Irandarra    

Ladinera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Ladinoa edo judeo-espainiera, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Lakera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Lazera, [Ez-indoeuroparra], Kartveliarra      

Letoniera, [Indoeuroparra], Baltarra    

Lezgiera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Lituaniera, [Indoeuroparra], Baltarra    

Livera edo livoniera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra       

Livviera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Ludiera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra       

Luxenburgera, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Maltera, [Ez-indoeuroparra], Semita      

Manxera, [Indoeuroparra], Zelta    

Mariera, ekialdekoa, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Mariera, mendebaldekoa, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra 

Mazedoniera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Meglenera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Mingreliera, [Ez-indoeuroparra], Kartveliarra      

Mirandera, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Mocheno hizkuntza, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Mokshera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Moldaviera, [Indoeuroparra], Erromantzea     

Mordvera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Nederlandera, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Nenetsera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra       

Nogaiera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra      

Norvegiera, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Nynorsk (norvegiera), [Indoeuroparra], Germaniarra   

Okzitaniera, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Ossetiera, [Indoeuroparra], Irandarra    

Poloniera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Pomakera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Portugesa, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Romaní edo ijitoera, [Indoeuroparra], Indoariarra 

Rutheniera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Rutulera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Samiera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Sardiera, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Scotsera edo eskoziera, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Serbiera, [Indoeuroparra], Eslaviarra   

Sorbiera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Suediera, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Svanera, [Ez-indoeuroparra], Kartveliarra      

Tabasaranera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Talishera, [Indoeuroparra], Irandarra    

Tatarera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra      

Tatera, [Indoeuroparra], Irandarra    

Tindiera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Tsakhurera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Tsakoniera, [Indoeuroparra], Greziarra    

Turkiera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra      

Turkmenera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra       

Txekiera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Txetxeniera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra       

Ubykhera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra   

Udiera, [Ez-indoeuroparra], Kaukasiarra      

Udmurtera edo votyakera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra 

Ukrainera, [Indoeuroparra], Eslaviarra    

Urumera, [Ez-indoeuroparra], Turkiarra      

Vepera edo vepsiera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Votera, [Ez-indoeuroparra], Uraldarra      

Wallon, [Indoeuroparra], Erromantzea    

Walserera, [Indoeuroparra], Germaniarra    

Zinbriera, [Indoeuroparra], Germaniarra     

Ziprera, [Ez-indoeuroparra], Semita      

 

 

 

Diseinua: Blanco

Laguntza teknikoa: Eleka