Munduko hizkuntzen amarauna
 
Aurkezpena

Aurrekariak
Munduko hizkuntzei buruzko txostena
Hizkuntzen datu-bilketa
Galdeketa bete
Berriak
Artikuluak
Europako hizkuntzak
Hizkuntzak eta Immigrazioa
Eztabaida-gunea
Estekak
Harremanetarako

Web gune honetako atal batzuetan Flash Player plug-ina instalaturik izatea beharrezkoa da.


AURKEZPENA

 

Aurrekariak

AMARAUNA egitasmoak UNESCOren Munduko hizkuntzei buruzko txostena du aitzindari, eta bertan ageri diren ondorio eta gomendioei jarraiki abian jartzen den lan egitasmo zehatza.

Txostenaren oinarria, hartarako bereziki osatu zen galdekizunari erantzunez, munduko hizkuntza-komunitate ezberdinetatik jaso diren informazio eta testigantzek osatzen dute. Horiez gain, txostenak hainbat espezialisten kolaborazioak biltzen ditu. Mundu mailan ezagunak diren espezialista hauen gogoeta eta esperientziek ezinbesteko ekarpena osatzen dute, hizkuntza-aniztasuna sustatzeko eta egoera minorizatuan dauden hizkuntzen berreskurapena bultzatzeko.

Azken lau urtetan egindako lanak datu-base baliagarria sortu du. Datu-base honek 1.000 inguru galdekizun eta 700 hizkuntza ezberdinen informazioa jasotzen du. Informatzaile gehienak, bestalde, hizkuntza-komunitateetako partaideak dira edo komunitateekin harreman estuak dituzten ikerlariak. Harreman estu horri esker, informaziorik egiazkoena eta gertukoena eskuratzea lortu dugu. Hau da, munduko hizkuntzen egoera zertan den jakin ahal izan da, hiztunek beren ahotik zuzeneko informazioa emateko eskuzabaltasuna izan dutelako, hiztunak baitira, izan ere, beren hizkuntzaganako atxikimendu eta kezkarik handienak agertzen dituztenak.

Munduko hizkuntzei buruzko txostena zuzendu duen talde eragileak bere gain hartu ditu hainbeste informatzaileen esperientzia, ekimen, pertzepzio eta itxaropenak, eta hauei aurrerabidea emateko ardura ere. Hau dela eta, behar beharrezkoa deritzogu ahalik eta munduko erakunde politiko eta zibil gehienei jakinaraztea, eta horrela komunitateetatik jaso dugun informazioa, beste bide batetik, haientzat onuragarria izan dadin helaraztea.

Helburu horri jarraiki, Munduko hizkuntzei buruzko txostenari jarraitzen dion ekimena da orain aurkezten dugun hau, AMARAUNA UNESCOren hizkuntza-sarea, hain zuzen. Eta munduko bazter guztietako komunitate eta elkarteen ahaleginak koordinatu eta elkar lotzeko balio behar du, ahalegin horiek etekinik hoberenak izan ditzaten.